Filosofia Garaikidea eta Modernoa: Ortega, Kant, Nietzsche

Classified in Other languages

Written on in English with a size of 14.48 KB

Jose Ortega y Gasset: Pentsamendua eta Garapena

1. Objektibismoa, Gizarte Ardura, Masak eta Elitea

Objektibismoa Ortegaren lehenengo etapa da. Espainiarekiko kezka handia erakusten du, oso atzeratuta baitago. Objektibismoa proposatzen du, zientziaren balorazioan oinarrituta. Espainiarrak indibidualismoan eta subjektibitatean sumituta daudenez, honako hauek proposatzen ditu:

  • Metodo eza gainditzea: Definizio zehatzak bilatu behar dira.
  • Ohitura kritikoa: Teoria arrazoiarekin eta egiarekin kontrastatu behar da; ohitura kritikoaren ezak bururik gabe epaitzera darama.
  • Arrazionalismoa: Elementu zuzentzaile gisa agertzen da. Gauzetara itzultzea proposatzen du, gauzek baitute azken hitza.
  • Objektibitatea: Abstraktutasun teorikoa.

Gainbehera soziala gainditzeko, beharrezkoa da elite intelektual batek masak zuzentzea.

2. Perspektibismoa eta Erraziobitalismoa

«Ni eta nire zirkunstantzia naiz neu.» Ezin dut nire burua ulertu nire zirkunstantziarik gabe. Erreflexio filosofikoak zirkunstantzia salbatu behar du; hura salbatzen ez badut, ez dut nire burua salbatuko. Bi zirkunstantzia mota daude:

  • Entitate handiagokoak: Kultura, historia.
  • Entitate txikiagokoak: Gorputza, adimena, pertsona, liburua.

Ni eta nire zirkunstantziatik abiatuta ikusten dugu errealitatea, eta gure perspektiba pertsonala ematen dugu. Egia pixkanaka erdietsiko da, ikuspegi osagarrien kopururik handiena bateratu ahala. Perspektibismoarekin eszeptizismoaren eta arrazionalismoaren arteko polemika gainditu nahi du.

Erraziobitalismoa: Perspektibismoaren garapena erraziobitalismoan gailentzen da, arrazionalismoa gainditzeko ahaleginean. Bizitzaren perspektiba gizakiaren perspektiben arteko erreflexioa da; errealitatea eta bizitza hor zeuden filosoforik konturatu baino lehen. Errealitatea pentsamendua baino lehenagokoa bada, pentsamendua bigarren mailakoa da. Hortaz, Ortegarentzat lehenengo gauza bizitza da, errealitate erradikala dena: bizitza pertsonala da, librea, autentikoa, besterenezina eta ardura eskatzen du. Ez gara pentsatzeko bizi, bizitzeko pentsatzen dugu baizik.

3. Bizi-Arrazoimena eta Arrazoi Historikoa

Ortegak arrazionalismoa eta arrazoi abstraktua kritikatzen ditu; arrazoi horrek ez du balio bizitza ulertzeko. Arrazoiak bizi-arrazoimenari lotuta egon behar du. Gizakia existentziara jaurtia izan da, eta zirkunstantzia jakin batzuei aurre egin behar die; horretarako pentsamendua behar du. Gizakiak arrazoia behar du bere ekintzei zentzua emateko.

Gizakiaren izaera gizateriak sortu dituen ideien eta sinesmenen mende dago. Erantzunak okerrak izan arren, probetxugarriak izan daitezke, akats bat egiten denean ez errepikatzen saiatzen baita. Gizakiak historia ahazten duenean eskergaiztokerian erortzen da. Historiaren subjektua belaunaldiak dira, ideia eta sinesmen horiek heredatzen dituztenak.

Ludwig Wittgenstein: Hizkuntzaren Filosofia

Tractatus eta Ikerketa Filosofikoak

  • Tractatus Logico-Philosophicus: Hizkuntzaren izaera nolakoa den aztertzea du helburu. Hizkuntza munduaren irudia da; haien arteko harremana isomorfikoa da. Filosofiaren zeregina proposizioak argitzea da, beren forma logikoa azalarazteko. Beraz, filosofiaren oinarrizko atalak diren etikaren, estetikaren eta metafisikaren proposizioak gure hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik sortzen dira. Tractatusaren azken proposizioa da: «Ezin denaz hitz egin, hobe da isiltzea.»
  • Ikerketa Filosofikoak: Garrantzitsuena ez da proposizioak zuzentzea, betetzen duten funtzioa ulertzea baizik. Adierazpen baten esanahia ezagutzeko, zein jokori dagokion jakin behar da. Filosofiaren zeregina hizkuntzaren jokoak ulertzea eta beren errakuntza saihestea da. Horregatik, filosofiaren helburua adierazpen batek hizkuntzaren joko batean zentzurik ez duenean erakustea da, arazo filosofikoa desagerraraziz eta adierazpenaren gramatika azaltzen duen erabilera adieraziz.

XX. Mendeko Pentsamendua eta Oinarriak

1. Hurbilketa Orokorra: XX. Mendeko Korronteak

XX. mendearen hasieran hainbat pentsalarik bizitzak munduarekiko duen lotura aldarrikatu zuten. Lehen Mundu Gerrak proiektu ilustratuaren porrota ekarri zuen, bizitzaren zentzugabekeria auzitan jarriz:

  • Bitalismoa: Instintua eta desira nabarmentzen ditu. Gizakiaren konplexutasuna giza bizitzatik abiatuta soilik uler daiteke; gizabanakoa balio absolutua da.
  • Historizismoa (Dilthey): Historia ezinbestekoa da gizakia ulertzeko. Horregatik bereizten ditu espirituaren zientziak eta naturaren zientziak; azken hauek azaltzeko balio dute, baina ez ulertzeko.
  • Existentzialismoa (Heidegger eta Sartre): Gizakia mundura jaurtia izan da. Gizaki zehatzean zentratzen dira: izaki amaigabea, librea, aukeren bidez eratzen dena. Existentzia munduan egotea da.
  • Filosofia Analitikoa (Russell eta Wittgenstein): Hizkuntzaren erabilera okerra da filosofiaren arazoen iturria.

2. XX. Mendeko Pentsamoldearen Oinarriak

Darwin, Marx, Nietzsche eta Freud dira eragin handiena izan duten pentsalariak:

  • Charles Darwin (1809-1882): Eboluzioaren teoriaren bidez, gizakiaren ikusmolde natural, antiteologiko eta antimetafisikoa eskaintzen du, teoria fixistarekin amaituz. Indartsuenek eta hobekien moldatutakoek irauten dute bizirik.
  • Karl Marx (1818-1883): Gizateriaren historia klase-borroka da. Materialismo historikoaren arabera, ekoizpen-bideak dituen gizarte-klaseak ezartzen ditu bere ideiak. Ideiek gizarte bidegabeak eratzen dituzte eta gizakiari ez diote uzten bere existentziaren baldintzei buruz pentsatzen. Klase-borrokak bultzatzen du historia.
  • Friedrich Nietzsche (1844-1900): Mendebaldeko kultura kritikatzen du. Balio kristauak eta filosofia tradizionala faltsuak direla eta bizitza ukatzen duen gizakia sortu dutela erakusten saiatzen da. Erreprimaturiko bizi-balioak berreskuratu behar dira bete-betean bizitzeko.
  • Sigmund Freud (1856-1939): Arrazionalismoa kritikatzen du. Bere psikoanalisiaren teorian, gure bizitza morala inkontzientea eta kontrolaezina dela jotzen du. Gizakia iluntasunean dago; bere egiazko izaera inkontzientean datza eta arrazoiarentzat eskuraezina da.

Friedrich Nietzsche: Kritika eta Nihilismoa

1. Kristautasunari Kritika

Erlijioaren jatorria bizitzari zaion beldurra da. Erlijioak mundu faltsu bat asmatzen du, balio dionisiakoak baztertuz eta balio dekadenteak proposatuz. Menpekoek boteretsuei dieten inbidiagatik balioen inbertsioa egiten dute. Nietzscherentzat bekatua elizaren maltzurkeriaren tresna nagusia da. Erlijioak bizitzari eraso egiten dio, alaitasunari eta bizitzeko gogoari «ez» esanez eta zerura iristeko sufritu behar dela aldarrikatuz. Gizakiak biziko bada, Jainkoak hil behar du; Jainkoaren heriotza gizakiaren askapena da, eta Jainkoaren heriotza onartzen duen supergizakia agertzen da. Nihilismoari aurre egiten dio eta bere balioak sortzeko gai da.

2. Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa

Nihilismoa Jainkoaren heriotzaren ondorioa da: orientazio-galdutako gizateria gidaririk gabe geratzen da eta mundu transzendentea desagertzen da.

  • Nihilismo pasiboa: Ez du balioetan sinesten Jainkoa existitzen ez delako; etsita dago eta bizitza zentzugabekotzat jotzen du.
  • Nihilismo aktiboa: Jainkoaren heriotzak gizakia askatzen du eta mundu irrealaren nahiz balio dekadenteen suntsipena bultzatzen du. Behin-behinekoa da, ezinbestekoa balio berriak sortzeko.

Nihilismoa gainditzeak balio berriak sortzea dakar, eta horretarako beharrezkoa da balio guztien transmutazioa. Gizaki bakoitzak bere askatasunarekin zer egin erabaki behar du; horretarako supergizonarengana iritsi behar da.

3. Botere-Nahimena eta Betiereko Itzulera

Schopenhauerren eraginez, bizitza botere-nahimena da: indar sortzailea, bizi-bultzada jatorrizkoena. Jainkoaren heriotzak utzitako hutsunean, botere-nahimena balio berrien sortzaile gisa agertzen da: ona bizitza bultzatzen duena da; txarra, ahultzen duena. Hermeneutikoa da, berak interpretatzen baitu zer den txarra eta zer ona. Supergizakiak bere esanahiak ezartzen dizkio errealitateari.

Bizitza betiereko itzuleratzat hartzen du: bizitza bere ondorio guztiekin onartzea dakar horrek. Denboraren ikuspegi ziklikoa da, non dena errepikatzen den. Nietzschek haraindiko ideia baztertzen du eta mundu erreala onartzen du; transzendentzia desagertu egiten da, eta une bakoitzak berezko balio absolutua du. Bere teoriaren oinarria bizitzarekiko maitasuna da: bizitza bizi behar da.

Immanuel Kant: Testuingurua eta Ilustrazioa

1. Errenazimendua, Arrazionalismoa eta Empirismoa

Errenazimendua (XV-XVI. mendeak): Aldaketa sakonak gertatu ziren Europako kulturan:

  • Teozentrismoa alde batera utzi eta antropozentrismoa nagusitu zen: Jainkoa pentsamenduaren ardatz izatetik gizakiaren indibidualtasuna baloratzera igaro zen.
  • Ahalmen politikoa erlijiosoari gailendu zitzaion.
  • Gizartea eraldatu zen hirien garapenarekin, burgesiarekin eta kapitalismoarekin.
  • Erlijio-erreformak elizaren haustura ekarri zuen; Amerikaren aurkikuntzak eta inprentak kulturaren hedapena eragin zuten.
  • Galileo Galileik autonomia eta zientzia defendatu zituen metodo zientifikoa proposatuz; esperimentuari garrantzi handia eman zion, unibertsoak egitura matematikoa duela azpimarratuz eta natura gizakiaren mesedetan eraldatzeko aukera baloratuz.

Arrazionalismoa (XVII. mendea): Arrazoiak protagonismo osoa hartzen du enpirismoaren aurrean. Ezaugarri nagusiak: arrazoiaren nagusitasuna, jarrera subjektibista eta ezagutza-metodo zorrotz baten ikerketa; zentzumenezko ezagutzaren gutxiespena (mugatua, ez unibertsala ezta beharrezkoa ere); jaiotzetiko ideien existentzia mentala; zientzia unibertsal baten beharra; matematika eredutzat hartzen duen metodo deduktiboa; eta munduaren arrazionaltasunaren nahiz metafisikaren defentsa.

Enpirismoa (XVII-XVIII. mendeak, Ingalaterra): Ezaugarriak:

  • Esperientzia da ezagutzaren iturri bakarra, zentzumenetatik datorrena (gogoa pixkanaka betetzen den orri zuria da).
  • Esperientzia da ezagutzaren muga.
  • Arrazoia kritikoa da eta bere mugak aztertzen ditu; ezin dugu esperientziatik kanpo dagoena ezagutu.
  • David Humek kausalitatearen printzipioa (kausa eta efektua) zalantzan jartzen du: ezagutza zientifiko oro probabilitatezkoa da.
  • Kontzeptu unibertsal eta abstraktuen balio objektiboa ukatzen du eta fisikan oinarritzen da.

2. Sapere Aude: Erabilera Publikoa eta Pribatua

Sapere Aude: Ilustrazioa gizakia bere erruzko adingabetasunetik irtetea da. Gizakia ezintasun horren erruduna da bere koldarkeriagatik eta alferkeriagatik. Kanten ustez emantzipazioaren alde borrokatu behar da:

  • Kanpoko zergatiak edo tutoreak ezabatu: Gizakiari aske izatea eragozten dioten lege bidegabeak baztertu.
  • Barneko zergatiak ezabatu: Gizakia bere alferkeriaren errudun da; norberaren kabuz pentsatzeak ahalegina eskatzen du.

Gizakiak askatasuna eta zoriontasuna lortzeko ekintzaile izan behar du. Ausarta izan behar da; Ilustrazioa jarrera praktiko bat da: Sapere Aude («Ausartu zaitez pentsatzera»).

Arrazoiaren erabilera publikoa eta pribatua: Askatasuna Ilustrazioaren oinarrizko baldintza da. Kantek bi erabilera bereizten ditu:

  • Erabilera publikoa: Arrazoiaren erabilera jendaurrean egitea, erabateko askatasunez norberaren iritzia emanez.
  • Erabilera pribatua: Funtzio zibiko edo publiko batean gauzatzen dena; gizartearen funtzionamendu ordenatua bermatzeko arauak bete behar dira (adibidez, herritarrek zergak ordaindu behar dituzte nahitaez, baina publikoki zerga horiei buruz iritzi kritikoa eman dezakete).

3. Kritizismoa, Etika Formala eta Ezagutza

Kritizismoa: Kantek gizakia bere arrazoimenaren bidez bere kabuz pentsatzeko gai dela aldarrikatzen du. Lau galdera nagusi egiten ditu: Zer ezagut dezaket? Zer egin behar dut? Zer espero dezaket? Zer da gizakia?

«Caesar non est supra grammaticos» eta Etika Formala: «Zer egin behar dut?» galderak giza jokabide morala aztertzen du. Gizakiak kontzientzia morala du eta ezin dio obedientziari uko egin. Kantek etika formala proposatzen du, non printzipioak arrazoitik datozen eta unibertsalak nahiz beharrezkoak diren:

  • A priori: Unibertsala, edozein pertsonak edozein unetan bete beharrekoa.
  • Autonomoa: Norberak bere buruari ematen dio lege morala bere arrazoimenaren bidez.
  • Kategorikoa: Ez dago baldintza baten mende; helburua araua bera betetzea da. Inperatibo kategorikoak ez digu esaten zer egin behar dugun, nola jokatu behar dugun baizik.

Ekintza moralari buruz aritzean, arrazoi praktikoaren hiru postulatuak onartu behar dira: arimaren hilezkortasuna, Jainkoa eta askatasuna. Ezerk eta inork ezin dizkio lege moralak kanpotik inposatu gizakiari (Caesar non est supra grammaticos): bakoitzak bere arrazoitik zehazten du bere morala.

Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kanten: Ezagutzaren auzian, Arrazoi Hutsaren Kritikan hiru galderari erantzuten die: zer ezagut dezaket, nola da posible ezagutza zientifikoa, eta posible al da metafisika zientzia gisa? Arrazionalistentzat arrazoia da ezagutza-iturri bakarra; enpiristentzat esperientzia da jatorria eta muga (ezagutza zientifikoa probabilitatezkoa da eta metafisika ezin da ezagutu). Kantentzat azterketa hau egin dezakeen epaimahai bakarra arrazoi hutsa da:

«Ezagutza oro esperientziarekin hasten da, baina ez dator guztia esperientziatik.»

  1. Objektuak: Materia hornitzen du eta a posteriori da; esperientzia ezagutzaren jatorria da.
  2. Subjektuak: Zentzumenetako datuak transformatu eta egituratzen ditu bere egitura a priori eta transzendentalei esker.

Ezagutza subjektu aktibo baten ekintza da, esperientziatik datozen datuak arrazoimenaren molde transzendentalen bidez antolatzen dituena.

Related entries: